Torturatuak, noiz arte? Josune Otamendi Osasun sareko psikologo talde baten izenean.
GARA 2001-02-13.
Josune Otamendi * Osasun sareko psikologo talde baten
izenean
Torturatuak, noiz
arte?
Torturatuak izan direnei buruz ezagutzen duguna prentsaurrekoen bitartez irakurtzen duguna, edota salaketa judiziala publiko egiten denean jakiten duguna da. Baina, zer gehiago dakigu edo pentsa dezakegu? Amnistiaren aldeko Batzordeek datuak argitaratzean, zer sentitzen dugu? Zein eragin dauka gugan, preso, iheslari, errefuxiatu eta atxilotuak izan direnen sendiak, behin eta berriro, kalean gora eta behera berauen argazkiak eskuan, kezkati baina harro, nekatuta baina tinko, begirada samina bezain bizkorra eta kuttuna, «paseoan» ikusteak? Giza eskubideak aldarrikatzen dira eta, zer diozue, hauek ez ote gizakiak?
Torturaz asko hitz egiten da, baina jendeak ez daki gauza handirik horren ondorioei buruz. Datu batzuk dira agerian jarri nahi ditugunak. TATek (Torturaren Aurkako Taldeak) jarraipena egin dio 2000. urtean komisaldegitik igaro den hainbat pertsonari (40ri zehazki). Beren esperientziaren testigantza ez ezik, gertaera horrek utzi dizkien arrasto psikologikoak ere jaso dira. Horrela, 40 subjekturen artean %37,5ek (15 kasu) antsietate sintomak zituen, %40k (16 kasu) depresioa, trauma ondoko sintomak %57,5ek (23 kasu) azaldu zituen, eta sintomarik ez zuten azaldu 7 lagunek (%22,5) .
Berrogei pertsona horietako 20ri berriro egin zitzaien galdeketa bera handik hilabetera, haien bilakaera aztertzeko. Emaitzak hauexek izan ziren: aske geratu eta hilabetera, antsietatea %30ek zuen (6 kasu), depresioa %35ek (7 kasu) eta trauma ondoko sintomak %70ek (14 kasu); sintomarik gabekoak %15 (3 kasu) ziren.
Beste asko daude ezkutuan geratuko direnak, eta beste asko izango dira hemendik urteetara jakingo direnak, Txilen, Argentinan eta hainbat herrialdetan gertatzen ari den bezala. Orduan esango da, eskuak buruan, hau guztia gertatu al da gure herrian? Hau guztia eta askoz gehiago ari da gertatzen gure Euskal Herri maitean, eta oraintxe bertan, ez duela berrogei urte soilik.
Deigarria da torturatu gehienek «trauma ondoko estresa» izenekoa garatzen dutela ikustea. Izen horrekin gertaera lazgarri baten ondoren agertzen den sintoma multzoa adierazten da. Mota askotakoak dira, hala nola gertaerak behin eta berriro gogoratzea, jendearengandik urrundu nahia, gertaera oroitarazten duen ekintza edo pentsamendu oro saihestea, bat-bateko erreakzioak eta haserrealdiak, etsipena eta abar luze bat. Asko diren arren, hemen subjektuak egoera horren aurrean erabiltzen dituen bi defentsa mekanismo azalduko ditugu, oso sarritan ikusten baitira:
Kontua da tortura fisiko zein psikologikoak, gertaera larria izanik, norberaren baliabideak, indarrak, autoestima eta nortasuna bera kinka larrian jartzen dituela, zauri sakonak eta erru sentimenduak eragiten baititu.
Denon ahaleginari esker, duintasunezko bideari eta osasun bideari helduz, irtenbideak topatu behar ditugu. Ardura, zurea, nirea, gu guztiona da. Geure kontzientziak esnarazi, sentsibilitate osoz elkarlaguntzak, auzolanean bezala, bideratu eta herri honen ezaugarri nagusi den solidaritateaz jokatu beharra daukagu. *